Puntuak eta zuzenak geometria lauaren oinarrizko elementuak dira.
Lerro zuzena bi punturen arteko lerrorik motzena da.
-
Elkar ebakitzen ez duten bi zuzen paraleloak dira. Puntu batean elkar ebakitzen dutenak, berriz, ebakitzaileak dira.
-
Bi zuzen perpendikularrak dira, planoa anplitude berdineko lau eremutan zatitzen badute.
Zuzenki baten erdibitzailea zuzen bat da; perpendikularra zuzenkiarekiko, eta zuzenkia bi zati berdinetan zatitzen du.
A eta B puntuak simetrikoak dira zuzen batekiko, zuzen hori AB zuzenkiaren erdibitzailea bada. |
Angelua hau da: jatorri bereko bi zuzenerdik planoa zatitzean sortzen duten eremuetako bakoitza. Angeluak hainbat irizpideren arabera sailka daitezke:
-
anplitudearen arabera: zuzena, laua, nulua;
-
angelu zuzenarekin alderatuz gero: zorrotza, kamutsa;
-
angelu lauarekin alderatuz gero: ahurra, ganbila.
Gradua hau da: zirkunferentzia 360 zati berdinetan egin, eta zati horietako bakoitzaren anplitudea.
Beraz, zirkunferentzia osoak 360º ditu, angelu zuzenak
90º ditu eta lauak 180º ditu.
Angelu bat bi zati berdinetan zatitzen duen zuzenerdiari angeluaren erdikaria esaten zaio.
Angeluen arteko batuketa eta kenketa egiteko, anplitudeak batu edo kendu egin behar dira. |